Dirk Morenweiser alemaniarrak 25 urte daramatza Euskal Herrian, eta hau da bere lehen liburua. Fantasiak eta historiak nahasten dituen eleberria da, alemanez idatzita.

Testua eta argazkiak: Marijo Simon. 2018ko abenduak 18, asteartea.

 Zer aurkituko dugu irakurleok liburu honetan?

‚Vier Monde‘ (Lau ilargi) eleberriak fantasia eta historia nahasten ditu. Istorioaren protagonista Naiara (Nâi Aahra) da, eta Gorbeia herrialdean igarotzen da. Protagonistak  Nouboro gobernadorearen aurka borrokatuko behar du. Azken honek antzinako jainkoen 4 ezpatak ditu. Ezpatek munduko okerkeria gordetzen dute, eta ahalmen bat dute lau ilargiak esnatzeko eta eguzkia estaltzeko.
Bestalde, Naiarak marka berezi bat du eskuan, eta  Noubororen eta Iluntasunaren inperioaren aurka borrokatzeko aukeratua izan da. Eginkizun honetan bi lagun izango ditu protagonista: antzinako jainkoek sortutako zintzotasunaren harriak eta gazte bat. Istorioa gaiztakeriaren eta ontasunaren arteko lehia da. Liburuak ukitu fantastikoak ditu, baina protagonistak egiten duen bidean bakardadea eta etsipena ere agertuko dira. Izan ere, Naiarak batzuetan  zeregina bukatzeko gai izango ote den zalantzak ditu.

Euskal izenak erabili dituzu zure liburuan? Izen hauek zerikusia dute ere Alemaniarekin?

Liburuan agertzen diren izen gehienak euskaldunak dira. Batez ere, bi arrazoiengatik: euskal izenak asko gustatzen zaizkidalako, xarma berezi bat dutelako,  eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diodalako bizi naizen lurraldeari.

 Zergatik aukeratu zenuen Arrasate bizitzeko?

1992. urtean Gasteizera etorri nintzen, eta hurrengo urtean, Donostiara joan nintzen alemaniar irakasle, kazetari eta itzultzaile moduan lan egitera. Asko gustatu zitzaidan Euskal Herria, eta hemen gelditzea erabaki nuen. Gainera amodioa aurkitu nuen, eta alaba bat izan ere. Orain Mondragon Linguan irakasle dihardut.

Non aurkitu duzu liburu hau idazteko inspirazioa?

Istorio hau nahiko zaharra da, beti izan dut idazteko nahia. Literatura fantastikoa gustatzen zait, eta istorio hau bururatu zitzaidan. Etenaldi askorekin idatzi dut. Idazten hasten nintzen, baina motibazioa galdu egiten nuen. Idatzitakoa berriz irakurtzean, berriz animatzen nintzen lana berrartzera. Aurten azkenean liburua bukatu dut, eta oso pozik nago.

Zenbat denbora eman duzu eleberria idazten?

 Lehen paragrafotik 8 edo 9 urte. Prozesuan etenaldi asko egon dira. Urte batzuetan ez dut ezer idatzi.

Idazle askok publikatzeko zailtasunez kexatzen dira. Zure kasuan, nolakoa izan da prozesu hau?

Idazle gehienek bide berdina jarraitzen dugu. Lehenengo argitaletxe handietara jotzen dugu, baina oso zaila da. Argitaletxe handiek nahiago dute agentziekin lan egitea, filtro moduan erabiltzen dituztelako.  Jendeak gutxiago irakurtzen duela esaten da, baina gehiago idazten dute. Oso zaila izaten da argitaletxea bat konbentzitzea ezaguna ez bazara.
Beste aukera bat argitaletxe txikiak dira. Baina hauek baliabide ekonomiko gutxi dituzte, eta ez dute idazle ezezagunen alde apusturik egiten.

Zorionez, modu autonomoan publikatzeko aukera dago, adibidez, Amazon. Sistema honek abantaila bat du, ez du liburu kopuru bat inprimatzeko beharra. Liburua formatu digitalean dago, eta eskatzen diren liburuak soilik inprimatzen dira. Idazleek eta argitaletxeek ez dute arriskatzen.
Orain liburua bultzatzeko lanarekin hasia naiz, gutxiago gustatzen zaidan lana da.

Liburu berri bat idazteko asmoa daukazu?

Idazten dugunok idazteko beharra beti izaten dugu. Beste liburu bat martxan dut, amodiozko istorio bat. Baina ‚Lau Ilargi‘ liburuaren istorioarekin jarraitzeko asmoa ere badut.

Liburua alemanez idatzita dago.  Itzultzailea izanda, euskarara edo gaztelerara itzultzea pentsatu duzu?

Euskarara ezinezkoa dut, soilik 5 hitz ezagutzen ditut, eta gaztelerara ere, ez naiz ausartzen. Sentimenduen eta atmosferaren deskribapenak ondo egiteko zailtasunak ditut. Baina alemaneko B2 mailarekin erraz irakurri daitekeen liburua da.

Istorioan zerbait autobiografikoa dago, zerbait pertsonala? Terapia egiteko balio izan dizu?

Terapia ez, baina 22 urte nituela Zeelanda Berrian urte bat eman nuen. Herrialdea oinez bidaiatzen ezagutu nuen. Hilabete askoan bakarrik egon nintzen naturan. Nire bidaiak eta liburuaren protagonistak egiten duena zerikusirik handia dute. Protagonistak bidean pertsona ugari aurkitzen ditu, baita ere pertsona horien elkartasuna eta maitasuna. Bukatzeko, gustatuko litzaidake jendea animatzea idazten jarrai dezan, edo idazketa proba dezan.