Mondraberri ,2020-06-22
Dirk Morenweiser arrasatearraren eleberria gazteleraz dago jada. Bi gazteen istorioa kontatzen du, botere handiago baten aurkako bidaia egitera behartuak.
Alemaniar jatorriko Dirk Morenweiser arrasatearrak (1964) ‘Vier Monde’ (‘Lau Ilargiak’) eleberria idatzi zuen, eta orain gaztelerazko bertsioa paperean eskura dago. Liburuaren azpititulua ‘bidaia ez ziur bat’ bezala itzul daiteke. Honatx Dirkekin egindako elkarrizketa:
Zer kontatzen du eleberriak?
Bi gazteren
istorioa kontatzen du, ustekabean elkartzen direnak eta botere handiago baten
aurka egin behar dutenak. Botere hori gupidagabe zabalduz doa, eta gizateria
osoarentzat mehatxu bat suposatzen du.
Iluntasunerako bidean, Iluntasunaren Erreinua, euren etsaiak menderatzeaz gain,
euren esperientzia faltaren ondoriozko oztopoak gainditu beharko dituzte.
Etsipenaren, ziurgabetasunaren, muturreko esperientzien, gizakiaren eta
maitasunaren inguruko kontakizun bat da.
Zelakoa izan da eleberria egiteko prozesua?
Egia esan, ideia gogoan nuen gazte-gaztetatik, eta idaztea betidanik gustuko izan dudanez, aspaldi ekin nion idazteari. Ikasle gisa, eskola-aldizkari batzuetan eta kazetari independente gisa ere idatzi izan dut. Eleberri honi dagokionez, tarteka, noizean behin idazten nuen, erregulartasunik gabe.
Izan ere, eleberri bat idazteak zalantzak eragiten zizkidan: nobela bat idaztea artikuluak edo kontakizun laburrak idaztea baino zailagoa da. Gainera nire buruari galdetzen nizkion ea zergatik idazten nuen, ea norentzat izango zen eleberria, eta ea benetan merezi al zuen.
Idazten aritu ostean, nire lehen kapituluak irakurri nituen, eta gustatu zitzaizkidanez aurrera egitea erabaki nuen, eleberria amaitu arte. Eleberriaren azken esaldia idatzi nuenean, sentsazio arraro bat izan nuen, hutsune bat sentitu nuen.
Izan ere, eleberria urteetan zehar bidaide izan nuen, eta orduan nire buruari galdetu nion “eleberria kaxoi batean gordeko dut ala argitaratzen saiatuko naiz?”. Bigarren aukera hautatu nuen, eta Amazonek doan argitaratzeko aukera eskaintzen duenez, aukera hori baliatu dut
Eleberria gaztelerara itzuli da, nola izan da prozesu hori?
Eleberria alemanieraz argitaratu zenean, Arrasateko lagun batzuek eskatu zidaten eleberria gazteleraz irakurri ahal izatea. Ni ez nintzen itzulpena egitera ausartu, baina Berlinen ezagutu nuen Gernikako lagun bati (Sorkunderi) eskatu nion:
Berlinen 15-20 urte egin zituen, eta alemaniera ezin hobeto hitz egiten du. Lagun oso ona dut, eta duela urtebete inguru proposatu nion eleberria irakurtzea. Gustatu zitzaion eta lotsa barik proposatu nion berak itzultzea.
Erantzun zidan oso zorionekoa nintzela, urte sabatikoan zegoelako. Gainera, oso ondo eta azkar itzuli zuen, eta emaitza jada eskura dugu.
Gaztelaniazko eleberria paperean argitaratu da, zer sentitzen duzu?
Une bereziak dira, idazle naizen heinean, prozesu oso baten emaitzaren gauzatze fisikoa suposatzen du. Berpizkunde bat bezalakoa da, eta asebetetzen zaitu. Harrotasun puntu bat ere eragiten dizu, sentsazio oso positiboa da.
Eleberria paperean eta alemanieraz 2018ko azaroan argitaratu zen, eta ondoren formatu elektronikoan argitaratu nuen. Alemanian jende ugarik formatu elektronikoa aukeratzen du, eta ondorioz online bidez ere erosteko aukera jarri nuen.
Zer-nolako harrera izan du eleberriak irakurleen artean?
Pentsa daitekeen bezala, askotariko iritziak izan dira. Orokorrean harrera positiboa izan da, eta jende askok galdetu dit nobelako bidaiaren amaieraren inguruan, galdetu didate ea bi gazteak euren helmugara iristen diren edo ez.
Alemaniatik jasotako kritika interesgarri bat da, eleberrian euskarazko izen ugari erabili ditudanez, irakurle alemaniar ugari harritu dituela. Ez zekiten izen horiek mentalki nola ahozkatu.
Sorkundek eleberria gaztelerara itzultzean, pentsatu nuen izen batzuk aldatzea irakurleek zailtasun hori izan ez zezaten, baina idazle bezala (nire burua ‘idazle’ gisa definitzea agian gehiegizkoa da) pertsonaiak estimatzen dituzu. Protagonistei izenak jarriz, euren izaerak zehazten dituzu. Sentitu nuen beraien izenak aldatzeak euren izaerak aldatzea ekarriko lukeela.
Ondorioz, izenak euren horretan utzi ditut, baliteke balizko irakurle euskaldunari izen horiek gustuko izatea. Baliteke ere irakurle erdaldunari izen horiek arrotzak izatea.
Hauei begira, eleberriaren azken orrian izen propioen esanahiak zehaztu nituen, erdarazko irakurleek eleberria hobeto uler dezaten.
Non eros daiteke eleberria?
Autopublikazio bat denez, oraingoz Amazonen eros daiteke. Denda batzuekin harremanetan jartzeak zalantzak eragiten dizkit. Ez dakit horrek zein ondorio administratibo eta fiskal izan ditzakeen.
Zerbait gehitu nahi duzu edo zerbait azpimarratu?
Espero dut irakurleentzat ulerterraza eta entretenigarria izatea. Elkarrizketa hau irakurtzen ari direnen artean, idaztea gustuko duten pertsonak egonez gero, idazten jarraitzera animatu gura ditut.