Iluntasunaren Erreinura bidaia
DIRK MORENWEISER-EN ‚CUA TRO LUNAS: UN VIAJE INCIER TO‘ LIBUR UA
AITZIBER ARANBURUZABALA JULDAIN
ARGAZKIA: JOKIN BEREZIARTUA
Jatorriz bikingoa dela dio Dirk Morenweiserrek; Alemaniako iparraldean jaio zen, orain dela 55 urte, Berlinen bizi izan zen gero urte askoan, eta han egin zituen Antropologia eta Gaztelerazko Itzulpengintza ikasketak. 1992an etorri zen Euskal Herrira; eta Arrasaten „gustura“ bizi da 1994a ezkero.
Morenweiserren futbol eta musika zaletasunak ezagunak dira herrian; orain dela hamar urte Arrasaten sortu zuten Hanburgoko Saint Pauli futbol taldearen lagunarteko kide da, eta kontzertuetara joateko ohitura ere aspalditik du, baina beste zaletasun handi bat ere badu: idaztea oso gustuko du, eta berak sinatutako liburua da Vier Monde; 2018ko urrian alemanez argitaratu zuen, eta, aurtengo ekaina ezkero, gazteleraz ere eskuragarri dago Cuatro lunas: un viaje incierto.
Abentura, ukitu fantastikoekin
Gaztea zela, abenturazko eta fantasiazko liburuak irakurtzen zituen, Jean-Paul Sartrek „harrapatu“ zuen geroago, eta gaur egun, „oso gustuko ditu“ Haruki Murakamiren istorio fantastikoak eta Paul Austerrek idatzitakoak. Liburuan iturri horietatik jasotakoak islatu dituela dio: „Etsipena, zalantza eta ziurgabetasuna, muturreko bizipenak, maitasuna, elkartasuna…. horiek guztiak jasotzen dituen kontaketa da. Abenturazko istorioa irakurle gazteentzako, eta fantasiazko ipuin aproposa helduentzako“.
Ustekabean elkartzen diren bi gazteren istorioa sortu du. „Herria deitu diodan tokiko mutilak eta bidean topo egingo duen gazteak Iluntasunaren Erreinura egingo duten bidaia da. Gizateria osoarentzat mehatxua den Botere Ahalduna gainditzea da euren helburua; horretarako, Iluntasunerako bidean aurkituko dituzten etsaiak eta euren esperientzia faltaren ondorioz sortutako oztopoak gainditu beharko dituzte; bidaia horretan hainbat paisaia eta kultura agertuko dira. Asmatutako herrialdea eta istorioa da, abenturazkoa ukitu fantastikoekin, baina, aldi berean, nire bigarren herrialde dudan Euskal Herriari keinua egin izan diot, bertako tokiei eta pertsonen izenei lekua eginda“.
„Idazkuntzaren langilea“
Eskolako aldizkarietan idazteko ohitura zuen gaztetan eta aritua da idazlan lehiaketetan ere. „Helburu zehatzik barik, egia esan, baina betidanik idatzi izan dut. Kazetari independente moduan ere jardun nuen bi urtez Euskal Herrira etorri nintzenean, bertako kulturari eta egoera soziopolitikoari buruzkoak jasotzen nituen Alemaniako aldizkarietarako, eta, paraleloan, beste gauza batzuk ere idazten nituen garai hartan ere, dibertitzeko asmoz, bestelako helburu barik. Ez dut idazle talentutzat definitzen neure burua, idazkuntzaren langiletzat baizik; asko landu behar izaten dut idazkuntza“.
Orain dela sei urte hasi zen liburuan jaso duen istorioari bueltaka buruan. „Maiztasun zehatz barik, aldika, idazten nuen, 30 orri orain, gero utzi… Halako batean istorioa bukatu eta, „orain zer?“, galdetu nion neure buruari, eta konfiantzazko hainbat laguni eskatu nien irakurtzeko; iritzi onak jaso ondoren, tiraderatik atera, eta argitaratzea erabaki nuen“.
Amazon-en eskuragarri
Hainbat argitaletxeren atea jo zuen, baina, baiezkorik jaso ez, eta autoekoizpenaren alde egin zuen, Amazonen aukeraz baliatuta. „Doan argitaratzeko bidea ematen dizute eta eurek garraio-kostuekin ateratzen dute gero etekina. Ez nator oso bat Amazonen filosofiarekin, baina autore berrientzako ez dago bestela argitaratzeko aukera handirik. Autoedizioa teknikoki erreza da, edozeinek edozer argitara dezake, baina beste kontu bat da banaketa eta lana ezagutzera ematea. Sare sozialetan ibiltzea ez dator oso bat nire izaerarekin, baina hori da bidea eta hala ari naiz. Arrasateko Ttukun dendan ale gutxi batzuk daude, eta, bestela, Amazonen eros daiteke“.
Arrasateko lagunek animatuta gaztelerazko bertsioa egiteko laguntza eskatu zion orain dela urte asko Berlinen ezagutu zuen Sorkunde Bilbao Madariaga bizkaitarrari. „Euskal Herrira etorri nintzenean harremana galdu genuen, baina berriz ere aurkitu eta irakurtzeko eskatu nion, eta ondoren, gustatu egin zitzaiola esan zidanean, liburua gaztelerara itzultzea proposatu nion. Oso eskertuta nago egin duen lan onagatik“.
Akatsetatik ikasita
Idazte prozesuan asko gozatu du, eta baita ikasi ere. „Gerora konturatu naiz denbora gehiegi pasatzen nuela zuzenketekin eta horrek erritmoa moteltzen eta ernegatzen ninduela; beraz, idazle berriei emango niekeen gomendioa zera da: aurrera egin, idatzi segidan guztia, eta amaitutakoan egin zuzenketak, eta hau ere ikasi dut: argitaratu aurretik, denboraz hasi sare sozialetan zarata ateratzen“. Morenweiserren idazteko grinak ez du, oraingoz, etenik. „Kontaketa laburrak idazten ari naiz, gehienbat, orain, baina ez dut baztertzen liburu honen bigarren zatia ere idaztea“.
GAZTEENTZAKO ETA HELDUENTZAKO FANTASIA UKITUA DUEN ABENTURA LIBURUA DA MORENWEISERRENA